Donostia-San Sebastián 2016

 

“Donostia 2016 - Europako Kultur Hiriburua” egitasmoa hiriko eta lurraldeko 500 kultur eragile eta artistekin elkarlanean diseinatutako eta garatutako ekimena da, ehun proiektuk baino gehiagok osatzen dutena. Programazio zabal horren bidez, Donostia 2016k hamabi hilabete bizi proposatzen ditu gozatzeko, ongi pasatzeko, hausnartzeko eta elkarrekin bizitzeko, kultura eta balore-proposamen zabalean txertatuta. Aniztasuna eta elkarren arteko sorkuntza bultzatzen ditu, besteak beste, nola kulturaren adierazpide orokorretan nola bizikidetza-baloreetan. Hizkuntzen aniztasuna, bada, proposamen zabal honen zutabe nagusietarikoa da.

Zer antolatzen du DSS2016EUk? Musika, dantza, antzerkia, artea, erakusketa, hitzaldiak, literatura, teknologia, zinema, kultura, gastronomia, arkitektura, natura, osasuna, kirola, hirigintza, argazkilaritza, hizkuntza, zientzia, elkarrizketak, hausnarketak...

Zeren inguruan? Giza eskubideak, elkarbizitza, elkartasuna, identitatea, aniztasuna, ongizatea, feminismoa, ondarea, adierazpena, transmisioa, kulturartekotasuna, oroimena, nortasuna, inklusioa, errespetua, berdintasuna, aniztasuna, giza duintasuna, balio etikoak, justizia…

Non? Donostiako erdigunean, Donostiaren kanpoaldean, Donostialdean, Gipuzkoan, Euskal Herrian, Estatu espainolean, Europan…

Donostia 2016ren helburu nagusia, hasiera-hasieratik, herritarren parte hartzea izan da, bai proposamenak aurkezten, bai haiek kudeatzean, bai haietaz gozatzen. Halaber, Hiriburutzak europar dimentsio handia du, eragile-sare zabal batekin egiten baitu lan, eta Kontinente Zaharrarentzat erronka izango diren hainbat gairi heltzen baitie.

Beraz, kultura- eta arte-jaialdi erraldoi bat baino gehiago da DSS2016EU. Herritarren artean elkarguneak sustatzea da bere xedea, eta horretarako artearen eta kulturaren berezko balioak erabiltzen ditu tresna modura, desberdinen artean elkarrekin bizitzen ikasi dezagun. Horren harira, hizkuntza-aniztasunarekiko konpromisoa elkarbizitzaren baitan kokatzen du Hiriburutzak.

Hizkuntzen garapena bultzatzea ezinbestekoa da pertsonen nortasuna, berdintasuna eta askatasuna bermatzeko. Halaber, elkarbizitza osasuntsua eta kultur aberastasunarekiko konpromisoan, betebehar etikoa da.

Hori horrela, Europako Hizkuntza-Aniztasunaren Foroa gertakari esanguratsua da DSS2016EU ekimenaren barruan, urte osoan zehar burutzekoak diren beste zenbait ekimenekin batera jarduera-multzo sendoa osatzen duena: Hitzargiak, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, Tosta Enbaxada, In varietate concordia etab.

Ondare emankorra utzi nahi diogu gizarteari: askatasun, aniztasun eta humanismoaren zutabeen gainean osatzen den gizarte irekia sendotzeko ekarpena izan nahi dugu. Irispide luzeko ibilbidea egiten ari gara, gaurdanik hasita.