Hizkuntza gutxituak barne hartzen dituzten hezkuntza eleaniztunak: gaurko diskurtso eta praktikak

Foroaren lan-blokeetako bat hizkuntza gutxituak barne hartzen dituzten hezkuntza eleaniztunei buruzkoa izango da. Oraindik ere, hezkuntza da egoera ahulean dauden hizkuntzak biziberritzeko estrategia  garrantzitsuenetako bat baina, bai adituek bai hizkuntza-komunitateek hori argi badute ere, hezkuntza-sisteman ez dira inola ere bermatzen hegemonikoak ez diren Europako hizkuntza askoren presentzia eta garapena. Halaber, ikusi dugu eleaniztasunaren aldeko Europako diskurtsoek eta jardunbideek ez dituztela kontuan hartu hizkuntza gutxituak; hain zuzen ere, hizkuntza gutxituak ikasteko aukera bermatzen duten programa eleaniztunak dituzten hizkuntza-komunitateak ez dira ohikoak, salbuespenak baizik. Lan-bloke honen asmoa da hizkuntza gutxituek Europako hezkuntza elebidunari/eleaniztunari buruzko eztabaidetan duten ikusezintasuna azaleratzea, eta adieraztea azken finean diskurtso eta jardunbide horiek lehendik hegemonikoak diren hizkuntzen hegemonia sendotu besterik ez dutela egiten, Europako hizkuntza-aniztasuna sustatzen lagundu beharrean. Horrez gain, proposatu nahi dugu ikuspegi eta hezkuntza eleaniztuna hizkuntza-aniztasunaren benetako perspektiba inklusibo batetik landu behar dela; eta holako ikuspegiak eragin handia egin ahal duela Europako hizkuntza guztien garapen iraunkorrerako eta hizkuntza horien hiztunen eskubideak babesteko.

1) Gaiaren planteamendua

Planteamendu hau izango da bloke honetako lehen ekintza; planteamendua ez da hitzaldi bat izango, baizik eta bi adituren arteko elkarrizketa bat.

  • Parte-hartzaileak: Joaquim Dolz (Ginebrako Unibertsitatea) eta eta Miquel Strubell (Linguapax)

2) Lehenengo mahai-ingurua: hizkuntza gutxituak barne hartzen dituen hezkuntza eleaniztunerako jardunbide egokiak

Zailtasunak gorabehera, hizkuntza gutxitu bat barne hartzen duten hezkuntza eleaniztunek ondo funtzionatzen dute, eta hainbat esperientziak erakusten dute posible dela eredu hirueleduna martxan jartzea eta hizkuntza gutxituan hizkuntza-gaitasun handia lortzea, baita testuinguruak laguntzen ez duenean ere. Mahai-inguru honetan jardunbide on gisa sailka daitezkeen hiru esperientzia azaleratuko ditugu, eta eredu horien arrakasta azaltzen duten faktoreei buruz arituko gara.

  • Eskola hirueleduna: suediera-finlandiera eta ingelesa. Siv Björklund (Vaasako Unibertsitatea)
  • Arango haraneko sistema laueleduna. Jordi Suïll Subirà (Lleidako Unibertsitatea)
  • Euskal Herriko esperientzia. Itziar Elorza (Universidad del País Vasco)

3) Bigarren mahai-ingurua: hiztun berriak eta gazteak

Azken urteotako Europako hizkuntza gutxituen biziberritze-esperientziak agerian utzi du eskola funtsezkoa dela, baina ez nahikoa. Testuinguru akademikoetan egiten den hizkuntzaren ikaskuntza sendotu egin behar da, hiztun berrientzat garrantzitsuak eta esanguratsuak izango diren sozializazio-esperientzien bitartez. Mahai-inguru honetan galdera hauei buruz hausnartu nahi dugu: nola aktibatu hiztun berriak? Nola aktibatu hizkuntza gutxitua eskolan ikasi duten gazteak? Zer estrategiak lagun diezagukete hizkuntza gutxitua ikasi duten gazteak hizkuntza horretako hiztun aktibo bihurtzen?

  • Joan Pujolar (Universitat Oberta de Catalunya)
  • Enlli Môn Thomas (Bangorreko Unibertsitatea)
  • Esti Amorrortu (Deustuko Unibertsitatea)
Hizkuntza gutxituen hiztun berriei buruzko mahai inguru hau Europako COST Action IS1306 sarearekin batera antolatu da, "Hiztun berriak Europa eleanitzean: aukerak eta erronkak" izenarekin. Esti Amorrortu hizlaria sare honen kidea da eta Joan Pujolar presidenteordea da.
cost

 

Lan-bloke honen legatua:

Aztergai ditugun erronkei aurre egiteko irakasleek duten garrantzia kontuan hartuta, irakasleen prestakuntza hobetzea helburu duen sare bat osatzen ari gara. Sarea hizkuntza gutxitu bat edo gehiago dituzten lekuetako irakasle-eskolek eta hezkuntza-sailek osatuko dute, baina baita hezkuntza-sareek eta lanean ari diren irakasleek ere. Helburua da esperientziak trukatzea, jardunbide egokiak ezagutzea eta ikerketa-proiektu bateratuak egitea.

Orain arte sortutako harremanek erakutsi dute denek kezka hauek dituztela:

  • Murgilketa goiztiarrerako ereduak eta estrategiak, testuinguru soziolinguistikoaren arabera
  • Irakurketa eta idazketarako sarrera
  • Haur eta gazte etorkinak hizkuntza nagusi gisa hizkuntza gutxitu bat erabiltzen duten eskoletan sartzeko estrategiak
  • Hizkuntzak integratzeko programak
  • Ikasgelako metodologiak
  • Hizkuntza gutxitua babestea curriculumetik kanpoko jardueretan