Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Karta eta Europako Hizkuntza Politika

Foroko gaietako baten ardatza Europako hizkuntza-aniztasuna babesteko politikak eta tresnak izango dira. Lan-bloke hori Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartarekin hasiko da eta, ondoren, karta hori eta beste tresna zein estrategia batzuk, oraingoak nahiz etorkizunekoak, nola erabil daitezkeen eztabaidatuko dugu, Europak benetan eta aktiboki ezar ditzan neurriak ahultasun-egoeran dauden hizkuntza europarrak babesteko eta sustatzeko.

Zalantzarik gabe, Kartak eragin handia izan du erakundeak eta hiztunak kontzientziatzeko eta Europako eskualdeetako hizkuntza edo hizkuntza gutxitu asko babesteko eta sustatzeko tresna gisa, baina baditu bere mugak ere. Kartak duen garrantzia eztabaidatzea proposatzen dugu, orain arteko lorpenak eta XXI. mendeko Europan eta, beraz, XXI. mendeko munduan dituen erronkak aintzat hartuta. Orain arte izandako esperientziari buruz hausnartu eta eztabaidatu nahi dugu, zailtasunak gainditzeko proposamen zehatzak egiteko eta Kartak eman ditzakeen aukerak agerian jartzeko, datozen 20 urteko ekintzetarako irakurketa eta tresna berri gisa. Hain zuzen ere, eztabaida horiek 2017. urtearen aurretik egitearen garrantzia nabarmendu nahi dugu; izan ere, urte horretan 25 urte beteko dira Karta sortu zenetik (1992an sortu zen) eta 20 urte indarrean  jarri zenetik (1998).

Kartaren arazoetako bat da Europako Kontseiluko estatu kideen ia erdiak ez duela sinatu edo berretsi. Zer egin dezakete Europako erakundeek estatu kide guztiek sina dezaten? Eta, azken finean, nola egin dezakegu aurrera, Europako hizkuntza ez hegemonikoak eta ahultasun-egoeran daudenak babesteko neurri eraginkor eta lotesleak har daitezen? Zer motatako hizkuntza-politika egin beharko litzateke Europan? Hizkuntza-komunitatearen eta hiztunen hizkuntza-eskubideen printzipioetan oinarritzen den politika inklusibo eta iraunkor bat?

Lan-bloke honek Gutunaren Adituen Batzordearen babesa du.

 

Programa;

1) Hasierako hitzaldia

Hizlaria: Vesna Crnic-Grotic. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Adituen Batzordeko burua

Helburuak: kartaren egoera aurkeztea, egungo Europarentzat eta epe motz nahiz ertaineko etorkizuneko Europarentzat duen garrantzia azpimarratzea eta aurrera egiteko ideiak ematea. Hitzaldia lortutako emaitzei buruzkoa izango da nagusiki, baina Kartak are gehiago garatzeko eskaintzen dituen aukerak ere izango ditu aztergai.

2) Lehenengo mahai-ingurua: Europako Karta eztabaidagai

Gutunaren inguruko adituek eztabaidatu eta proposamenak egingo dituzte Gutuna ahultasun-egoeran dauden Europako hizkuntzak babesteko eta garatzeko tresna eraginkorragoa bihurtzeko hartu beharreko neurriei buruz. Besteak beste, honako galdera hauei erantzun nahi diegu: aldaketarik egin behar al zaio Kartari, eta, hala bada, nolakoak? Kartak irakurketa eta tresna berriak behar al ditu? Monitorizazio- eta ebaluazio-prozesua berrikusi egin beharko al litzateke? Zer egin daiteke Europako estatu gehiagok sina eta berrets dezaten, eta berretsi dutenek hartutako konpromisoak bete ditzaten? Laburbilduz, zer egin daiteke Kartak eskaintzen dituen aukera guzti-guztiak balia daitezen eta eskualdeetako hizkuntzak edo hizkuntza gutxituak sustatzeko tresna eraginkorragoa bihur dadin?

Parte-hartzaileak:

  • Sixto Molina. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Secretariateko burua
  • Fernando Ramallo. Vigoko Unibertsitatea. Eurokartaren Adituen Batzordekidea, Espainako ordezkaria
  • Rob Dunbar. Edinburgoko Unibertsitatea
  • Eduardo Ruiz Vieytez. Deustuko Unibertsitatea
  • Moderatzailea: Elin Haf Gruffydd Jones. Aberystwyth-eko Unibertsitatea

 

3) Bigarren mahai-ingurua: Europako hizkuntza-politika baterantz

Zenbait gai lantzeko, esaterako, Kartaren sinadura eta berrespena edo hizkuntzen ofizialtasun-estatusa, beharrezkoa da gobernu-erakundeek eskualdeetako hizkuntzen edo hizkuntza gutxituen arloan duten zeregina aztertzea. Lehenengo mahai-inguruan landutakoaren harira, mahai-inguru honetan gai hauek eztabaidatu nahi ditugu: zer egin behar dute edo zer egin dezakete Europako erakundeek estatu kide gehiagok sina eta berrets dezaten Gutuna? Nola egin dezakegu aurrera ahultasun-egoeran dauden Europako hizkuntzak babesteko neurri eraginkorrak hartzeko? Gaur egun, Europako hizkuntzen erdiek, gutxi gorabehera, ez dute inolako babesik jasotzen. Zer motatako hizkuntza-politika eduki behar genuke Europan, hizkuntza-komunitatearen eta hiztunen hizkuntza-eskubideen printzipioetan oinarritzen den politika inklusibo eta iraunkor bat?

  • François Alfonsi, European Free Alliance/EFA alderdiren presidentea, europarlamentario ohia, Endangered European Languages and Linguistic diversity in the EU agiria (“Alfonsi txostena” deiturikoa) idatzi zuen lantaldeko kide bat eta errelatorea.
  • Tove Hansen Malloy. European Centre for Minority Issues –ECMIko zuzendaria
  • Sabrina Rasom. Comun General de Fascia. Network to Promote Language Diversity-NPLDko presidenteordea
  • Nils Torvalds. ALDE-Europaren aldeko Demokraten eta Liberalen Aliantza alderdiren Europarlamentarioa
  • Moderatzailea: Xabier Arzoz. University of the Basque Country

 

Lan-bloke honen legatua: Parte-hartzaileek aztergai ditugun gaiei buruzko proposamen zehatzak egingo dituzte, beste talde batzuek eta beste foro batzuetan landu ahal izan daitezen; esaterako, Adituen Batzordean, Europako Parlamentuaren barneko Traditional Minorities, National Communities and Languages taldean edo NPLDn.