Hizkuntza-Eskubideen Protokoloa

Hizkuntza eskubideak gizakiaren oinarrizko eskubideetan kokatu behar ditugu, zalantzarik gabe. Hizkuntzek komunikatzeko balio dute, baina hizkuntza errealitatea ezin zaio lotu bakarrik dimentsio komunikatiboari; hau da, hizkuntzak ezin dira kulturetatik bereizi. Hizkuntzen eta kulturen arteko harremana ukatzen denean, hiztunen eta herritarren duintasunari muzin egiten zaio. Hartara, hizkuntza aniztasunaren aldarrikapena pertsonen eskubide guztien defentsarako ekarpen gisa ulertzen dugu.

Horrexegatik, Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bidez garatu nahi dugun dinamikak tresna bat eskaini nahi du bide honetan; hain zuzen ere, gizarte ongizatean eta elkarbizitzan laguntzeko ekarpena; bai eta bakean ere. Izan ere, hizkuntza komunitateekiko jardun demokratikoen bilakaerak giza baldintza guztiekiko errespetuaren bermea ekarriko du.

Europa osoan zehar hizkuntza komunitateak euren berezko hizkuntzetan bizi ahal izateko antolatu dira. Ehunka dira hizkuntza gutxituen garapenean, hainbat eremutatik, lan egiten duten gizarte erakundeak.

Proiektu honek horien bilgune izan nahi du, Europako gizarte zibilak hizkuntza aniztasunaren garapenerako proposamena gauzatzean lidergoa izan dezan, eta hainbat lantaldek aurreko urteetan garatutako adoste prozesuaren emaitza izango da, ikuspegi zientifikoa, akademikoa eta gizartearen ikuspegia bilduz, eta hizkuntza gutxituen egoera irauli eta hizkuntza komunitateen arteko berdintasunean oinarritutako Europa eraikitzeko tresna bat eskainiz

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa abenduaren 15 eta 16an antolatu den Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroan aurkeztuko da, bai eta abenduaren 17an gizarteari begirako ekitaldi irekian ere. Ondoren, Protokoloa, nazioarteko foro eta instantzietara eramango da izaera anitzeko erakundeek hizkuntza aniztasunarekiko duten konpromisoaren arautzaile gisa erabil dezaten.