UNESCOren Atlasa

UNESCOREN MUNDUKO HIZKUNTZEN ATLASA

Foroan, UNESCOren Munduko Hizkuntzen Atlas berria aurkeztuko dute  Frank La Rue jaunak, UNESCOko Komunikazioa eta Informazioa Sektoreko Zuzendari Nagusiordeak,  eta Irmgarda Kasinskaite-Buddeberg andreak, proiektuaren arduradunak.

UNESCOren Munduko Hizkuntzen Atlasa UNESCOren Komunikazio eta Informazioa Sektorearen proiektu bat da, eta sektore horrek ziberespazioan hizkuntza-aniztasuna sustatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da; estrategia horren helburua da IKTek eskaintzen dituzten baliabideak erabiltzea hizkuntza gutxituak babesteko eta garatzeko.

Atlas horrek UNESCOk berak egindako Arriskuan dauden Hizkuntzen Atlasa hartuko du oinarri, sareko bertsioa, baina informazio gehiago eta ikuspuntu desberdina izango ditu: arriskuan dauden hizkuntzak ez ezik, gainerako hizkuntzak ere, itxuraz “salbu” daudenak, agertuko dira; horri esker, munduko hizkuntza-aniztasuna leialtasun handiagoz egongo da islatuta, eta irakasteko zein ikasteko tresna baliagarria izango da (Roadmap Towards UNESCO’s World Atlas of Languages, point 7). Horrez gain, proiektu horren bitartez, UNESCOren Hizkuntza Bizitasunaren Irizpideen Taula ere berrikusiko da

Atlas berriaren azken xedea, beraz, munduko hizkuntza- eta kultura-ondare plurala babesten eta garatzen laguntzea da, bai eta ziberespazioan hizkuntza-aniztasuna sustatzea ere.

“Helburu horiek UNESCOren Munduko Hizkuntzen Atlasaren bitartez erdiets daitezke; hainbat mailatan eraikitako plataforma interaktibo horrek, gainera, Global Task Force (GTF) izenekoaren, Nazioarteko Kontsulta Batzordearen (International Consultive Committee-ICC), Munduko Sare Instituzionalaren (Global Institucional Network-GIN) eta hizkuntza-komunitateen ekarpenak jaso ditu. Espero dugu sareko plataforma hori hezkuntzaren arloan baliagarria izango dela, ezagutzak eraikitzen lagunduko duela, goi-mailako hezkuntza-erakundeen, liburutegien, artxiboen eta beste erakunde publiko zein pribatuen arteko emaitza zientifikoen trukea sustatzeko balioko duela, baliabide zientifikoetarako sarbidea erraztuko duela eta tokiko komunitateak ziberespazioan beren hizkuntza erabiltzera animatuko dituela”. (Roadmap…, 11. or.)

Hona hemen ezaugarri nagusiak:

  • Giza eskubideen ikuspegia.
  • Konpromisoa Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendarekin.
  • Hizkuntzak taldearen identitatea sendotzeko, iraunkorrak eta inklusiboak diren ezagutzaren gizarteak sortzeko eta 2015. urtetik aurrera Garapen Iraunkorrerako Agendaren helburuak erdiesteko ezinbesteko tresnatzat jotzea. Hizkuntzak galtzeak dakartzan ondorio lazgarriak aitortzea: besteak beste, pobretzea, ahalduntzeko gaitasuna galtzea, munduko zientzia-gaitasuna ahultzea, ekonomiari kalte egitea, giza komunitateen identitateak ahultzea, elkar ulertzeko zailtasunak areagotzea eta herrien arteko bakea arriskuan jartzea.
  • Hainbat mailatan eraikitako proiektu inklusiboa da, eta bertan parte hartuko dute interesa duten askotariko eragileek, hizkuntza komunitateek eta eskualdeko, nazioko eta nazioarteko erakunde publiko zein pribatuek.
  • Proiektuak hainbat egiteko barne hartzen ditu: ezagutza eraikitzea, informazioa partekatzea, ikerketa zientifikoak askatasunez kontsultatu ahal izatea, jardunbide onak trukatzea.

Nola?

  1. Hizkuntza-aniztasuna ardatz izango duen lantalde bat (Global Task Force - GTF), mundu osoan kontzientziazioa gauzatzeko eta estandarrak zehazteko.
  2. Nazioarteko Kontsulta Batzordea (International Consultive Committee-ICC). Adituek osatuko dute eta gomendioak egiteaz arduratuko da; garrantzi berezia emango dio Atlasean erabili diren hizkuntzen bizitasuna neurtzeko irizpideei.
  3. Munduko Sare Instituzionala (Global Institucional Network-GIN). Hainbat unibertsitatek osatuko dute, eta helburu izango du hizkuntzei buruzko informazioa biltzea eta partekatzea.
  4. Hizkuntza-komunitateek ere parte hartuko dute, berariaz sorturiko sareko hizkuntzen leihoen bitartez.

 

Erreferentziak

UNESCO. Roadmap Towards UNESCO’s World Atlas of Languages (approved by Executive Board on 22/02/2016). http://unesdoc.unesco.org/images/0024/002438/243852e.pdf

UNESCO. Communication and Information Sector. Towards a Revised UNESCO’s Language Vitality Index (13/11/2015). http://www.unesco.org/new/en/media-services/single-view/news/towards_a_revised_unescos_language_vitality_index/#.V5iDhxKdcqM

UNESCO. Communication and Information Sector. Towards UNESCO’s World Atlas of Languages. Final Recommendations for the Action Plan (11/02/2015). http://www.unesco.org/new/en/media-services/single-view/news/towards_unescos_world_atlas_of_languages_final_recommendations_for_the_action_plan/#.V5iK9xKdcqM